Oinarriak

Banden Lehia 2015 :: Oinarriak

Lehena.- Xedea

"Banden Lehia 2015" lehiaketaren helburua Interneteko euskal musika talde amateurrik entzutetsuena saritzea da. Banden Lehiako zazpigarren edizioa da 2015ekoa.

Azkue Fundazioak antolatu eta kudeatutako lehiaketa da Banden Lehia.

Banden Lehia lehiaketaren helburu nagusia euskara sustatzea da, musikaren alorrean kasu honetan. Horretarako online plataforma bat jartzen dugu martxan, musika taldeen parte hartzea bideratzeko eta urteko euskal musika talde amateurrik onena saritzeko. Hori dela eta, lehiaketarekin zerikusia duen zeinahi euskarritan iruzkinak euskaraz egotea da gure nahia.

Lehiaketak bi fase izango ditu: lehenengoa Internet bidez egingo da, eta bigarrena, zuzeneko ekitaldi batean.

Bigarrena.- Informazioa, zabaltzea eta komunikazioa

Lehiaketaren webgunea www.bandenlehia.eus da. Honetan, lehiaketan parte hartzeko bandek izena eman dezakete eta erabiltzaileek lehiaketako kantak entzun ahal izango dituzte, baita hauek bozkatu ere. Antolatzaileek lehiaketari buruz informatzeko eta banda eta erabiltzaileekin komunikatzeko webgune hau erabiliko dute, eta baita sare sozial ezberdinetako profilak ere:

  • Facebooken: Azkue Fundazioa / BandenLehia
  • Twitterren: Azkue Fundazioa
  • YouTuben: Azkue Fundazioa / Banden Lehia

Plataforma hauetan erabiltzaileek ere parte hartu ahal izango dute, beraien mezu, iruzkin eta abarren bidez. Guztiz beharrezkoa izango da mezu guzti horiek euskaraz idatzita egotea eta erabiltzaileek baldintza hau onartzen dutela ulertzen da parte hartzen dutenean.

Antolatzaileek eskubidea izango dute oinarrietako baldintza hau aplikatzeko eta euskaraz idatzita ez dagoen edozein mezu ezabatzeko, beste inolako azalpenik eman gabe.

Hirugarrena.- Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

  • Aurreko urteetako Banden Lehia emanaldietako irabazleak ez izatea; irabazle atera diren taldeek ezin izango dira aurtengo ediziora aurkeztu.
  • Talde amateurrak izan behar dute. Horren arabera, talde batek bi disko baino gehiago grabatu badu, talde hori ez da amateurtzat hartuko. Bi disko horiek auto promozioak, hirugarren batek ekoiztuta, maketak, estudioan grabatutakoak, bildumak eta abar izan daitezke. Ez da kontutan izango ere merkaturatuak izan diren edo ez.Beraz, guztira gehienez bi lan kaleratu izatea, edozein egoeratan.
  • Lehiaketara aurkeztutako abestien artean, gutxienez bik egon beharko dute euskaraz. Bigarren fasera sailkatzen diren taldeek, zuzeneko emanaldian jotzen dituzten abesti guztiak euskaraz interpretatu beharko dituzte.

Baldintza horiek betetzen ez dituzten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira. Antolatzaileek sare sozialen bidez iragarriko dute talderen bat kanpoan uzten duelakoaren erabakia.

Laugarrena.- Abestien jabetza

Musika taldeek jabetzan dituzten abestiak baino ezin izango dituzte aurkeztu lehiaketara. Abesti bat ez bada musika taldeko kideren batena, taldeak egilearen baimena izan beharko du abesti hori zabaldu eta erabiltzeko.

Baldintza hau betetzen ez duten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Bostgarrena.- Epaimahaia

Banden Lehiako bozketa formulak bi ikuspegi batzen ditu: bozketa popularra alde batetik eta epaimahai aditu batena, bestetik. Biak lehiaketako bi fasetan elkarrekin joango dira, online bozketan eta zuzeneko emanaldiko finalean ere.

Hauek dira epaimahaia osatzen duten kideak:

  • Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna)
  • Zuriñe Hidalgo (Hesian taldeko kidea)
  • Leire Palacios (musika kazetaria)
  • Gaby Salaberry (Last Tour)

Epaimahaiak askatasun osoz jardungo du eta irizpide musikalei soilik begiratuta hartuko du bere erabakia. Antolatzaileek bere esku gordetzen dute, behar izanez gero, edozein momentutan epaimahaiko kideren bat aldatzeko aukera.

Seigarrena.- Izen ematea eta epeak

Lehiaketan parte hartzeko, web orrian bertan eman beharko da izena (www.bandenlehia.eus). Lehenengo faseak irauten duen bitartean, edozein momentutan eman daiteke izena.

Zazpigarrena.- Lehen fasea: webgunea – taldeen izen ematea

Lehiaketaren lehen faserako webgune bat zabalduko da: www.bandenlehia.eus.

Lehenengo fasea, izena emateko eta online bidezko botoak jasotzeko, irailaren 24an hasi eta urriaren 13ra arte luzatuko da.

Banden Lehian parte hartu nahi duten taldeek “Parte hartu” botoian klikatu behar izango dute. Honen bidez Banda Beat webgunean dagoen izen-emate inprimakira helduko dira. Banda Beat musika banda amateurrak sustatzeko 2.0 ataria da; honetan, zuen musika ezagutzera ematen dugu.

Banden Lehian parte hartzen duten banda guztiak Banda Beat plataforman egongo dira, beraz.

Lehiaketan izena ematen duten musika-taldeek atari horretara igo beharko dituzte euren abestiak eta bideoak, eta atari horretan bertan zehaztu beharko dituzte, euskaraz, taldeari buruzko xehetasunak eta sare sozialen inguruko informazioa.

Taldearen izen-ematea burutzeko kontutan izateko arauak:

  • Taldeek datu batzuk eman beharko dituzte derrigorrez, antolatzaileek beraiekin harremanetan jartzeko aukera izateko. Eman beharreko datuak: taldearen izena, taldekideen izenak, jatorria (herria), taldearen laburpena, posta elektroniko helbide bat, kontakturako telefono zenbaki bat, sare sozialetako estekak (ez derrigorrezkoa). Erabiltzaileek ez dituzte datu horiek publikoki ikusteko aukerarik izango. Publikoki erakutsiko diren datuak: taldearen izena, taldekideen izenak, jatorria (herria), taldearen laburpena eta sare sozialetako estekak.
  • Abestiak eta bideoak: talde bakoitzak nahi bezain beste kanta edo bideo argitaratu ditzake webgunean. Horietako bik behintzat euskaraz izan behar dute.

Zortzigarrena.- Lehenengo fasea: webgunea – internet bidezko bozkatzea

Talde bakoitzak lehiaketan aurkezten dituen kantak www.bandenlehia.eus atarian entzun ahal izango dira.

Web atariaren bisitariek abestiak entzun eta botoak eman ahalko dituzte. Puntuaziorako, webgunean lortutako puntuak hartuko dira kontuan.

Bisitariek 10 puntu izango dituzte taldeen artean nahi duten moduan banatzeko. Horrela, erabiltze bakoitzak erabakiko du 10 puntu horiek zelan banatu eta nahi bezala antolatu ditzake parte hartzen duten taldeen artean.

Puntuak banatuta, erabiltzaileei bozketa hori sare sozialetan partekatzeko aukera emango zaie, baliabide automatiko baten bidez.

Aldi berean, antolatzaileek, beren-beregi, lehiaketa honetarako aukeratutako epaimahai bat izendatuko dute, eta epaimahaiak bere hautagaiak proposatuko ditu. Epaimahaia musika munduko arlo ezberdinetan adituak diren profesionalez osatua izango da.

Lehiaketara aurkeztu diren talde guztien artean, lau talde sailkatuko dira bigarren faserako:

  • Lau talde horietatik bat bere ospeari esker lortu duen puntuazioaren arabera sailkatuko da.
  • Beste hiru taldeak, berriz, epaimahaiak aukeratuko ditu, irizpide musikalak soilik kontutan hartuz.

Lehenengo fasea, irailaren 24an hasi eta urriaren 13an amaituko da, 23:59tan. Azkue Fundazioko teknikariek, antolatzaile diren heinean, internet bidez sailkatutako taldeak baldintzak bete dituela berrikusi eta taldeak saria onartzen duela ziurtatuko dute.

Bitartean, epaimahaiak aukeratutako beste hiru taldeekin harremanetan jarriko da Azkue Fundazioa, saria onartzen dutela ziurtatzeko.

Urriaren 16an sailkatu diren lau taldeen izenak publikoki iragarriko dira. Azkue Fundazioak zabalduko ditu Banden Lehiako webgune, bere bloga eta sare sozialen bidez.

Bestalde, antolatzaileek edozein momentutan talde bat lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea gordetzen dute, baldin eta talde horrek edozein motatako tranparen bat egin duelakoaren susmoa badauka.

Talderen bat lehiaketatik kanpo uztekotan, lehenengo taldeari esango zaio eta ondoren erabakia publikoki zabalduko da Azkue Fundazioak kudeatzen dituen sare sozialetako profilen bidez (Facebookeko orriak eta Twitterreko kontua). Taldeari erabakiaren arrazoiak azalduko zaizkio eta erabaki hau ezeztaezina izango da.

Botoa emateko sistema

Banden Lehiako webgune honen bidez edozein erabiltzailek bere gogoko taldeen aldeko botoa emateko aukera izango du.

Botoa eman ahal izateko erabiltzaileek izena eman beharko dute Banden Lehiako webgune honetan. Erabiltzaile bakoitzak 10 boto eskaintzeko aukera izango du, nahi duen moduan banatuta.

Botoak esleitu ondoren, sistemak automatikoki eskainiko dio erabiltzaileari bere botoak Twitter bitartez partekatzea. Hau egiteko, automatikoki sortuko da partekatzeko baliabidea eta partekatuko den testua sortuko du sistemak.

Baliabide hau boto bakoitzeko erabili ahal izango da. Beraz, erabiltzaile bakoitzak gehien jota 10 biderrez partekatu ahal izango du bere botoa.

Botoa eman duten erabiltzaileen arteko zozketa

Botoak Twitterren bidez, baliabide hau erabiliz, partekatzen dituzten erabiltzaile guztien artean, Azkue Fundazioak zozketa bat egingo du.

Zozketa horretako irabazleak, bere botoak partekatu izan dituen erabiltzaileak, 2016rako Bilbao BBKLive jaialdirako bono bat irabaziko du.

Zozketa hau Azkue Fundazioak egingo du eta irabazlearen izena bere bloga eta sare sozialen bitartez zabalduko du urriaren 19an.

Azkue Fundazioa irabazlearekin kontaktuan jarriko da parte hartu izan duen Twitterreko profilaren bitartez. Urriaren 23ra arte izango du epea irabazleak erantzun bat emateko eta saria onartzeko. Egun horretarako erantzunik jaso ez bada, Azkue Fundazioak bigarren zozketa bat burutuko luke urriaren 26an.

Bigarren zozketa honetan, irabazleak urriaren 30era arte izango du erantzuteko eta saria onartzeko aukera. Egun horretarako erantzunik jaso ezean, Azkue Fundazioak bukatutzat emango du prozesu hau eta ez du irabazle berririk aukeratuko.

Bai lehenengo eta bai bigarren irabazleek, dagozkien epetan erantzunik eman ezean, automatikoki epe horretatik kanpo erreklamaziorik egiteko aukera galduko dute.

Bederatzigarrena.- Lehenengo faseko irabazleak

Lehenengo faseko irabazleen izenak, lau talde finalistak, web atarian eta lehiaketako eta Azkue Fundazioaren bloga eta sare sozialetako profiletan argitaratuko dira, urriaren 16an.

Sailkatuko diren lau talde horiek zuzeneko emanaldi baten aurkeztuko dituzte abestiak.

Hamargarrena.- Bigarren fasea: zuzeneko emanaldia

Lehiaketaren bigarren fasea zuzeneko ekitaldi bat izango da. Ekitaldi hori azaroaren 27an egingo da, Bilboko Bilborock aretoan.

Banda guztiak antolatzaileek adieraziko dien orduan agertu beharko dira aretoan, musika frogak egiteko.

Egun horretan talde bakoitzaren jotzeko hurrenkera erabakitzeko zozketa egingo da lau taldeen artean. Taldeek orden horretan jo beharko dute eta honetan aldaketarik egin nahi izatekotan, beraien arteko akordioaz izan beharko da.

Talde bakoitzak 20 minutuko emanaldia eskainiko du. Antolatzaileen laguntza izango dute taldeek tarte hauek kontrolatzeko.

Finalean zuzeneko emanaldian eskainiko diren kanta guztiak euskaraz izan beharko dute.

Hamaikagarrena.- Musika jotzeko ekipoa

Musika taldeen txanda-aldaketak azkarrago egiteko, taldeek musika elementu batzuk partekatu beharko dituzte: anplifikadoreak eta monitoreak (bi gitarra eta baxu bat), bateria eta mikrofonoak.

Talderen batek elementu gehiago behar baditu, Azkue Fundazioari komunikatu beharko dio eta taldeak berak arduratu beharko du material hori instalatzeaz.

Hamabigarrena.- Finaleko bozketa sistema

Lehiaketako bigarren fasean, zuzeneko emanaldian, banda irabazlea aukeratuko da, erabiltzaileen botoak eta epaimahaikideen iritzia kontutan izanda.

Finalaren talde irabazlea modu honetan erabakiko da:
  • Talde bakoitzak lortutako botoak erabakiaren %40a suposatuko du.
  • Epaimahaiaren balorazioak beste %60eko balioa izango du.
Erabiltzaileen botoak

Bilborock aretoan egun horretan bertan egongo den publikoa eta talde finalista bakoitzaren jarraitzaileek botoa emateko aukera izango dute, nahiz eta bertan ez egon.

Finaleko bozketa Twitter bidez burutuko da modu honetan:
  • Talde finalista bakoitzak finala eguneko arratsaldean eta ekitaldia baino lehen antolatzaileek adieraziko dizkieten ezaugarri eta baldintzak zainduz txio batzuk sortuko dituzte. Txio horien edukia euren aldeko botoa eskatzeko osatuko dira. Txio kopuru zehatz bat sortuko du talde bakoitzak, Azkue Fundazioko arduradunek adieraziko dizkioten egitura jarraituz.
  • Erabiltzaileek txio horiek birtxiokatuz emango diete botoa taldeei. Hori bai, ekitaldian adieraziko den unetik aurrera eta unera arte. Botoak jasotzeko denbora tartea zuzenean eta publikoki iragarriko da.
  • Erabiltzaileek txio bakoitza behin baino ezin izango dute birtxiokatu. Talde bakoitzak txio kopuru jakin bat sortzeko aukera izango du. Kopuru hau finala egunean adieraziko zaie taldeei.
  • Talde bakoitzak sortutako mezuak (txioak) sare sozialen bidez zabalduko dira ekitaldiak irauten duen bitartean eta Bilborocken kokatuko diren pantailetan ere agertuko dira.

Antolatzaileek taldeei txioak jaso ahal dituztela abisatzen dien momentutik aurrera jasotako birtxioak hartuko dira kontutan.

Beraz, bozkatzeko sistema hau izango da: txio bakoitzeko eta erabiltzaile bakoitzeko birtxio bat = Boto bat

Epaimahaia

Epaimahaikideen iritzia ere kontutan hartuko da talde irabazlea aukeratzeko. Epaimahaiko kideek zuzeneko ekitaldian taldearen jarrera osotasunean aintzat hartuko dute: abestiak, jotzeko modua, jarrera publikoarekin, antzezpena …

Hamahirugarrena.- Bigarren faseko irabazlea

Behin talde bakoitzak lortutako botoak zenbatuta eta epaimahaikideen iritzia jasota, talde bakoitzak lortutako portzentaia aterako da eta horrekin irabazle suertatu den taldea.

Talde irabazlearen izena ekitaldiaren amaieran emango da jakitera.

Hamalaugarrena.- Sariak

Talde irabazleak honako sariak irabaziko ditu:

  1. Baga-Biga diskoetxearekin disko bat ekoiztea. Egitasmo honen datak, baldintzak eta abar diskoetxearekin batera ezarriko dira.
  2. 2016eko Bilbao BBKLive jaialdian jotzeko aukera izango du, zuzeneko emanaldian. Kontzertu horretako data zehaztear dago eta jaialdiko antolatzaileekin batera zehaztuko da.
  3. 2016eko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdian jotzea. Kontzertu horretako data zehaztear dago eta jaialdiko antolatzaileekin batera zehaztuko da. Sari honen barruan talde irabazleak emanaldi hori eskaini ahal izateko bidai gastuak eta ostatua sartzen dira.
  4. Lehiaketako 2015eko edizioko disko bilduma oroigarria. Azkue Fundazioak lau finalisten kanten disko bilduma oroigarria ekoiztuko du eta finala egunean banatuko du. Taldekide bakoitzak antolatzaileek ekoiztuko dugun lehiaketako bildumako CDaren 10 ale jasoko ditu.

Beste hiru talde finalistentzako saria:

  • Banden Lehia 2015eko parte-hartzearen CD bilduma oroigarri bat. Banda bakoitzeko kide bakoitzak disko oroigarri honen 10 ale jasoko ditu.

Hamabosgarrena.- Sarien kudeaketa

  • 2016ko Bilbao BBKLive Jaialdiko kontzertua: 2016ko udaberrian Bilbao BBKLive jaialdian talde irabazleak eskainiko duen kontzertuaren data eta ordu zehatzak antolatzaileekin finkatuko dira.
  • 2016ko Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdiako kontzertua: Jaialdi hori 2016eko udazkenean ospatuko da eta horren antolatzaileekin kontzerturako data eta ordu zehatzak finkatuko dira. Bartzelonarako bidaia ere une horretan kudeatuko da Bartzelonako Euskal Etxeko arduradunekin.
  • Diskoaren grabaketa: Baga-Biga diskoetxeak kudeatuko du diskoaren grabaketa, honen diseinu, banaketa, zabalkundea eta promozioaz arduratuz. Diskoa 2016eko lehenengo hilabetetan grabatuko da eta urte horretako udazkenean aurkeztuko da.

Hamaseigarrena.- Banden Lehiaren irudia jaialdietako kontzertuetan

Banden Lehia 2015eko talde irabazleak baimena ematen dio Azkue Fundazioari bai Bilbao BBKLive eta bai Euskal Herria Sona jaialdietan eszenatokian Banden Lehiaren irudia nahi duen bezala agertzeko, edozein euskarri, tamaina eta kokapenean.

Hamazazpigarrena.- Banaketa eskubidea eta bilduma

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketara aurkezten diren abestiekin irabaz asmorik gabeko bilduma bat grabatu eta banatzeko. Hori dela eta, musika-taldeek, eskubide hori aitortu, eta diru-ordainik ez eskatzeko konpromisoa adierazten dute.

Lau talde finalisten kantak bilduma oroigarri batetan jasoko dituzte antolatzaileek eta hau ekoiztu ere. Talde bakoitzak lau kanta aukeratu eta luzatuko dizkie antolatzaileei.

Lau kantak euskaraz egon behar dute eta talde bakoitzak aukeratuko ditu. Formatu hauetan egon beharko dute: .wav 24bit 44100hz edo .wav 16bit 44100hz formatuetan.

Lau talde finalistek bakoitzaren lau kanten fitxategiak luzatuko dizkiete antolatzaileei urriaren 23rako.

Hamazortzigarrena.- Oinarrien interpretazioa

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketa honen oinarriak interpretatzeko, baldin eta horrek lehiaketaren xedea betetzen laguntzen badu.

Sariekin nolabaiteko arazorik sortzen bada, ezaugarri bereko beste sari batzuk emango dira haien ordez.

Hemeretzigarrena.- Oinarrien onarpena

Lehiaketa honetan izena emateak esan nahi du erabat onartzen direla oinarri hauek.